2ª Panorámica

Bigarren panoramikak zutabe, kapitel eta arku artistikoen artean dauden bost testu eskaintzen ditu. Lehenengoan eta Gipuzkoako armarriaren azpian (egungoaren oso antzekoa bada ere, Erregearentzat zen kuartela babes-hesi batek ixten du armarri horretan), Gipuzkoa honela deskribatzen da:

"GIPUZKOA TXIT ZINTZO ETA TXIT LEIALAREN DESKRIBAPEN LABURRA.- Gipuzkoako probintzia longitudeari dagokionez 17 gradutara dago eta latitudeari dagokionez, aldiz, 43 gradutara. Hiri entzutetsu asko ditu antzinako oinetxe ugarirekin, eta horietatik dator Espainiaren zintzotasun handiena, eta zintzotasunean gordetzen da Tubalen lehen hizkuntza. Marte eta Jupiter izenekin ezagutzen da, eta ondorioz, bertakoak bakean eta gerran izugarri saiatzen dira euren erregea babesteko; eta fede katolikoan ortodoxo direnez, fedea garbi mantentzen dute, San Saturninogandik jaso zutenetik. San Saturnino San Juan Bautistaren lehen dizipulua izan zen, San Pedrok bidali zuen Erromatik, eta eliza unibertsala handietsi duten zeruari eskainitako santu anitz eta handietako bat izan zen, elizan sortu zena eta gidari Loiolako Ignazio Deuna, Jesusen Konpainiaren fundatzailea izan zuena. Eta kantabriarrek zintzoen lanbide den oro aukeratzeko joera dutenez, horregatik sortu zen bertan Soraluzeko Errege Arma-Fabrika".

Bigarren idazketak hau dio:

"ERREGE FABRIKAN SORTZEN DIREN SU-ARMA ETA BAIONETAK.- Fabrikatzen diren armak infanteria guardien fusilak eta baionetak dira; armadako infanteriaren fusil eta baionetak; Dragoien fusil, baioneta eta pistolak; Marinako fusila, baioneta eta pistola; Gorpuen guardien karabina eta pistolak; zalditeriaren karabina eta pistolak, eta ehizatzeko eskopeta mota oro eta jabe pribatuen segurtasun eta edertasun handiko pistolak. Eta izen ona izateagatik, Frantzia, Ingalaterra, Alemania eta Eskandinaviako Printze eta Nobleak Soraluzeko Errege Arma-Fabrikan sortzen diren kanoiak izateaz harro daude".

Legenda hori koroatuz fusila eta baioneta kalatuak dituen soldadu baten imajina ikus daiteke, bandera eta arma anitzez inguratua.

Hirugarrena eta erdikoa Errege Fabrikaren armarriaren azpian dago. Santa Barbararen imajina agertzen da bertan, uniformea daramaten bi maisu aztertzailerekin batera. Idazkian honako hitz hauek agertzen dira:

"ERREGE FABRIKAKO GOBERNUAREN ARAUTEGIA. Soraluzeko Errege Fabrika erregearen ministroek eta bestelakoek zuzendu eta gobernatzen dute. Bere Maiestateak errege-etxea du, eta bertan, nahikoa gela daude eta baita baratze bat ere. Han, bereiztuta, Santa Barbara dago, bolbora gordailua; beharrezko biltegiak eta fabrikako salgai guztiak aztertzeko sailak daude han. Armak Erregearen biltegira eramaten dira Kontatzailearen bitartetzarekin eta horretarako eskumena duten Ofizialek oniritzia eman eta gorputzetara bidali ondoren, gidari nagusiari ematen dizkiote, behar diren lekuetara eraman ditzan, euren buru eta babesle nagusiena den Arandako Konde Txit Gorenak emandako aginduak betetzeko."

Laugarren azalpenean armatua dagoen soldadu bat nabarmentzen da, hainbat bandera, haga eta alabardez horniturik. Testuaren goiburuan inskripzio hau dago:

"ERREGE FABRIKAN EGITEN DIREN GASTADOREEN TRESNAK. - Egun fabrikatzen diren gastadoreen tresnak zazpi motatakoak dira, hala nola: esku biko aizkora handia; aizkora txikia; bi ahotako aizkora; pikotx-aitzurra; arroka pikotxa edo pikotx punta biduna; aitzur zabala; eta burdin hoberenarekin eta ongi altzairatuta egindako pala laukizuzena. Era berean, mota guztietako tresna eta gailuak ere lantzen dira, ontziak eta beste fabrika batzuk eraikitzeko. Horiekin haitzean eta zurean egiten da proba, entregatu baino lehen, eta kalitate onekoak direlako, toki guztietakoak agertzen dira izen handiko Kantabriako Errege Fabrika hauetara."

Eta azkenik, bosgarren sailean, Soraluze herriko armarriaren azpian (gaur egungo armarria ez da ordukoa bezalakoa, izan ere, gazteluaren azpian, etxe bat ikus daiteke, ezkerreko aldean), honela deskribatzen da Soraluze herria:

"SORALUZE HERRI TXIT ZINTZOAN ETA TXIT LEIALEAN ERREGE FABRIKA EZARTZEN DA. -Soraluze herrian ezartzen du Errege Fabrikak bere lantegi nagusiena, eta nahiz eta eremu malkartsuan egon, erraztasun handiak eskaintzen ditu arma mota guztiak sortu eta horiek eroso garraiatzeko, eta eremu malkartsuan egoteagatik, hain zuzen, beste enpresetatik ziur dago, inguruan dituen mendi garai eta harritsuek babesten baitute, erregeak nabaritu du bertakoek benetako eta etengabeko leialtasunez jokatu dutela hasieratik, eta beraz, orain dituzten salbuespen eta pribilegioak eman dizkie, Erregeak eskaintzen duen babes errukitsuaren itzalpean, eta izen handiko Arma-Fabrika ospetsua izateagatik, Europako gainontzeko Printzeek agindua eman dute Soraluze mapa geografikoetan herri garrantzitsu eta ezagunenen artean ezartzeko, ongi zehaztuta, longitudean 17 gradutara eta latitudean 43 gradutara".