3ª Panorámica

Hirugarren panoramikan, beste zinta luze batek honako adierazpen hau egiten du:
"SORALUZE ETA FABRIKAKO ERREGE BILTEGIEN ZIRKUNFERENTZIARI DAGOKION MAPA TOPOGRAFIKOA".
Ezkerretan, gela ordenatu bat erakusten da fusil eta pistolaz beteriko alboko apal batzuekin. Aurre-aurrean, mahaiaren gainean dagoen fusil baten xehetasunak aztertzen ari diren Zuzendaria, Zenbatzailea eta Maisu aztertzaileak daude. Barnealdean, probak gainditu dituzten arma besakada bat daraman armagin bat ikus daiteke eta armak langile bati ematen dizkio, horiek zenbatzen dituen biltegiko zaintzailea izan daitekeen langile bati, hain zuzen ere.
Gelaren goialdean, ereinotzez koroaturik eta mazoez armaturik atleta gihartsu bik eusten duten afixan hau adierazten da: "Errege Biltegia, non fabrikatzaileek, obra aztertu eta onartu ondoren, Asentuko Biltegiko Zaindariari ematen dioten, bertako Zuzendariaren aginduak jarraituz".
Beste muturrean, grabatuaren eskumako aldean, aurrekoaren antzekoa den beste irudi batean, ohar hau irakur daiteke: "Erregearen biltegia, non Asentuko Ahaldun Nagusiak Erregearen biltegiko zaindariari entregak egiten dizkion. Eta bertatik armak kutxetan irteten dira euren xedeetarantz".
Ezin hobeki ikus daitezke Biltegiko Zaindaria eta bere laguntzailea, uniforme bikainak soinean daramatzatela, espedizio bat prestatzen ari diren paketeak egiten dituztenei eta arotzei aginduak ematen.
Eta erdi-erdian, ongi egindako mapa bat dago, koadrora egokitzen den zirkunferentzian, eta ertzean, honako hitz hauek agertzen dira: "Espainiako Monarkiaren bitxi hoberena Soraluze da, izan ere Europa osoan ospea lortu duen eta Printzeek eurentzako nahiko luketen arma-fabrika du. Oh, Gipuzkoa Dontsua, Kantabria, zuk etxean duzuna!".
Begiratu ahala, goiko parteko ezkerretan dagoen angeluan, hau adierazten da: "Hilero egiten den kanoien azterketa". Eta irudian Maisu aztertzailea ikus daiteke aginduak ematen armekin probak egingo dituzten ofizialeei. Horiek tiro egiten die ezin hobeki lerrokatutako euskarri lodi batzutan ezarrita dauden multzoei.
Eskuman, hau irakur daiteke: "Astero egiten den txispen azterketa, astelehen eta astearteetan". Eserita dagoen maisu aztertzailearen aurrean eta horren mahaiaren parean ofizial txispaginak pasatzen dira aztertzaileek euren lanak kontrolatu ditzaten.
Azpian, ezkerrean dagoen angeluan, xehetasun hau agertzen da: "Gastadore eta baioneten tresnen hileroko azterketa". Maisu aztertzaileak, harro, ofizialak zaintzen ditu. Horiek zurezko eta harrizko motrailu baten aurrean produktuak kolpatzen dituzte, erabilitako gaiak kalitate onekoak direla erakusteko, horien akabera egokia mahai baten gainean agertu ondoren.
Azpian, eskuman, inskripzioak hau dio: "Astero egiten den kutxa eta aparejuen azterketa, ostiral eta larunbatetan". Irudi honetan ere ongi bereiz daiteke maisu aztertzailea, espezialitate horretako langileei berak aukeratutako lanak mahai gainean jartzeko agindua ematen ari dena.
