4ª Panorámica

Baina lehen aipatutako mapara itzuliz, horrek gaztelerazko erreferentziak ditu; mendien erliebe naturala zehazten du, Deba ibaiaren bide osoa agertzen da, ia berdinak diren zati bitan Soraluze inguruko elkarteen lurraldea banatzen duena. Soraluze beste herriguneak baino hizki handiagotan dago idatzia. Goitik behera inskripzio bi daude: "Bizkaiko zatia" eta "Gizpuzkoako zatia".
Lehenengoan toki hauek aipatzen dira: Ermua, Elorrio, Arrazola, Abadiño, Durango, Berriz, Zaldibar, Mañaria, Mallabia, Ziortza, Bolibar, Gerrikaitz, Markina, Markina-Etxeberria, Berriatua eta Ondarroa.
Gipuzkoako zatian leku hauen aipamena egiten da: Soraluze, Eibar, Elgoibar, Alzota, Mendaro, Deba, Mutriku, Bergara, Antzuola, Elosua, Angiozar, Elgeta, Arrasate, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Legazpi, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Urrestilla, Zestoa, Arroa, Oikia, Ipeñarrieta, Zumaia eta Ormaiztegi.
Arabako Aramaio herria ere agertzen da. Horiez gain, honako hauek ere idatzita agertzen dira: Arrate, Arantzazu, Sasiola, Loiola eta Urkiolako santutegi edo elizak.
Goiko partean agertzen den itsas zatian, arrantza egiteko eta zama garraiatzeko itsasontziak ikus daitezke, eta baita traineru bat gidatzen ari diren arraunlari batzuk ere.
Maparen alde bietan, haga bat eta alabarda bat daude. Eta horien gainean, lau puntu kardinalak seinalatzen dituen iparrorratz-kutxa dago.
Laugarren azalpenak Soraluzeren ikuspegi zehatza ematen du. Zinta luze batek mezu hau du: "Gipuzkoa Txit Zintzoan eta Txit Leialean dagoen Sorazluze Herri Txit Nobleak eta Leialak bakarrik koroa merezi du".
Eta aingeru batek duen afixa batean, ezkerreko aldean:*"Don Florencio Joseph de Lamot, Soraluzeko eta Tolosako Errege Arma-Fabrikako erregearen zenbatzaileak egindako txostenek agindutakoaz gain beste inolako oinarri eta jarduerarik kontuan hartu gabe, luma naturalarekin egin nuen irudi hau, nik, Gipuzkoako Gatzaga herrian jaiotako Don Jph. Zamezak, eta horretarako gai zenez Don Jph. Fernando Palominok landu zuen Madrilen, 1756. urtean".
Beste muturrean, antzekoa den beste afixa batek bertako eraikin nagusien egoeraren berri ematen du, hurrenkera honetan:
A - Parrokia.
B - Moja-komentua.
C - Erregearen etxea.
D - Santa Barbara.
E - Udaletxea.
F - Plaza.
G - Laztabina.
H - Probalekua.
Y - San Salvador.
K - San Andres.
L - Ezoziko Ama.
Bestalde, herriaren bista topografikoek xehetasun interesgarriak dituztenez, merezi du horiek aipatzea.
Taulez itxita dagoen plaza zaharrean, zekorketa dago. Lau lagunek parte hartzen dute, eta ikusle asko daude jaiari begira, oholesiaren atzean.
Udaletxea eta orduan zegoen zubi bakarraren artean, aurreskua dantzatzen ari dira, eta herritar asko daude begira.
Zubiak erromanikoa dela dirudi eta arku handi bat osatzen du ibaiaren gainean, nahiz eta hiru zutabe eta arku bi dituen euskarri.
Herrigunean ur-presa bat zegoen, dirudienez, gaur egungoa baino aurrerago, eta gainera, uhateak zituen. Santa Ana eta Errekalde kaleen artean arpasoak ikus daitezke garbi.
Olabarrenako presa gaur egungo leku berean zegoen, eta bertan, makina hidraulikoekin kanoiak zulatzen ziren. Hilerria elizaren alboan zegoen, egun "Alejandro Calogne" etxebizitzak dauden lur eremuan.
San Salvadorreko ermita eta probalekua egun fabrika berria dagoen orubean zeuden. Rabal kalean zeuden Errege etxea eta baratzak, eta ertz batean, ibaiaren alboan eta eraikin guztietatik urrun, "Santa Barbara" agertzen da, bolbora eta beste lehergarriak gordetzeko tokia. Ibaiertzean, eta baita zubian ere, herritar asko kainaberekin arrantzatzen ari dira.
Kaleetan, batzuk ehizara doaz, beste batzuk oinez eta hitz egiten dabiltza, etxekoandre bat bere astoarekin agertzen da, gizon bat zaldi gainean dabil eta mando talde bat Bergararantz doa, fabrikatutako armak behar diren lekuetara eramaten.
Baserriak eta errekastoak argi antzematen dira, eta gailurretan, erdi-erdian gurutze bat dutela, lau puntu kardinalak agertzen dira. Alboetan, berriz, hegazti batzuk agertzen dira hegan. Xehetasunik ez galtzeko, ibaiaren erdian gezi handi batek uren norabidea adierazten du.
Grafiko osoaren azpian, aingeru bik sostengatzen duten ehunean hitz hauek irakur daitezke: "Soraluze Herri Txit Zintzoa, bertako seme kapare zintzoek gobernatzen dutena, harro egon daiteke bere antzinatasunaz, jatorriaz eta zintzotasunaz, eta besteengandik bereizten da, bakean eta gerra garaian Koroaren alde egin duten gizon ospetsuak izan dituelako, nahiz eta horiek idazki labur honetan aipatzen ez diren, asko baitira eta guztiak aipatuz gero gehiegi luzatuko bainintzateke. Eta Marteren eraginpean dagoenez, guztiek armetara jotzeko joera dute, eta horregatik ari dira bertakoak lanean Europan ospe gehien lortu duen Fabrikan. Kokaleku aski antzua du, baina artilleriako iskanbilan egiten diren armen azterketak dibertigarriak direlako eta jendea berez alaia eta eskuzabala delako, Espainiako herri dibertigarrienetako bat da".
