5º Panorámica

Azpian, ereinotzez koroatutako sei bustok apaintzen dituzten zutabe eta kapiteletan, hainbat mende iraun zuten lau armaginen elkarteen deskribapen zabala agertzen da. Bista horri inskripzio honek ematen dio sarrera: "Errege Fabrikak dituen lau elkarteen azalpena".

Eta horren azpian: "Soraluzeko Errege Arma-Fabrikako lau elkarteak dira, aita kapare zintzoen semeak, Gipuzkoako eta Bizkaiko kantabriar guztiak diren bezala. Horiek dira errege katolikoak eskatzen dituen su-arma mota guztiak egiteko betebeharra dutenak, eta morroi leialak direnez, behar denean ekiten diote lanari. Horientzat armamentuak hitzartu eta ezarri dira, eta euren barneko gobernuak, gobernu nagusiaren mende dagoenak zuzenduko ditu, dituzten betebeharrei jarraiki".

Ezkerretik eskumara elkarteen xehetasunak agertzen dira:

KANOIGILEEN ELKARTEA.- "Kanoigileen elkartea da, urezko tresna edo makinekin lan egiten duten 30 errementari, 60 mailukari, 60 karrakatzaile eta 40 zulatzailek osatzen dute. Horiek dira berunezko xaflen kanoiak egin eta galdatzen dituztenak, sotilki eta arte eta trebetasun handiz, eta gainerako herrialdeek ezin izan die jarraitu. Horregatik estimatzen dute hainbeste munduko leku guztietan".

Grafikoak aditu horiek nola lan egiten zuten zehatz-mehatz adierazten du. Egur-ikatzez lan egiten duen sutegi handi batek (egur besada bat sorbaldan daraman langile bat ikus daiteke), langile bik eragiten dituzten bi hauspo izugarrirekin, materiala gori-gori egiten zuen, eta hala, errementariek, nahi zuten forma ematen zioten ingudearen gainean altzairuzko mailu handiekin. Karrakatzaile batek laneko mahaian aurrekoek agindutako lana leuntzen du.

Horien guztien atzean, iragazitako altzairuzko boletara makurtuta duaden grabatzaile bi ikusten dira, eta amaitutako kanoiak zizelkatu eta urrea sartzen dute tartean. (Jovellanos-ek arma eremura bisita egin zuenean, grabatu hau egin eta berrogei urte geroago baieztatu zen hori, grabatzaileak kanoigileen elkartekoak zirela adierazi zuen. Imajin hauek berresten dute hori, hain zuzen ere). Kanoigileen janzkeran argi ikus daiteke, izan ere, larruzko mandril lodiak erabiltzen zituzten.

KUTXAZAINEN ELKARTEA.-"Asentua (hots, kontratua) duten 77 maisuk osatutako elkartea da. Horiek kaxetan kanoiak, txispa eta tresneria armaz hornitzen dituzte, eta Asentuko ahaldun nagusiak ematen dituen egiaztatutako eta aztertutako kanoi eta txispak jasotzen dituzte. Horien esku dago armak seguruak izatea eta ezin hobeki amaituta egotea, izan ere, gizonak -behar den bezala- konfiantza osokoak".

Gremio honetako lantegian, bukatutako eta baldetan ongi antolatutako kulata lerro bat ikus daiteke. Ofizial batek, aprendizaren laguntzaz, beste batek garraiatzen duen intxaurrondo materiala zatitan mozten du. Eta ikus daiteke beste mahai bitan, bat fusil-ipurdiarekin eta bestea pistoloi batekin lanean ari direla. Jantziek ere xehetasun berezia eskaintzen dute: amantal laburra erabiltzen dute, ia gerriko moduan.

APAREJUGINEN ELKARTEA.- "Aparejuginen elkartea da, kutxazainena bezala, asentua duten 77 maisuk osatzen dute. Aparejuginek kanoia eta txispa kaxetan armez hornitzeko tresneria egiten dute; kutxazainekin batera armaren azken entrega egiten dutenak dira, eta euren lanbidea zorrotza denez, behar-beharrezkoa da Errege Fabrikan".

Grabatuan galdategi txiki bat ikus daiteke, langile bik hauspo bi erabiliz sustatutako labe txiki bat duena. Beste bat ingude batean lanean dabil kurrikekin sostengatzen duen pieza bati forma ematen. Mahai batean, fusil edo karabina bat bukatzen ari direla ikus daiteke, beste ofizial batek, berriz, eserita, armak amaieran muntatu eta aurkezteko beharrezkoak diren hainbat osagarri ikuskatzen ditu. Gremio honetakoek tunika luzeak daramatzatela antzeman daiteke.

TXISPAGINEN ELKARTEA.- "Txispaginen elkartea da, asentua duten 86 maisuz osatuta dagoena. Lanbide oso zaila da, gizonak oso argiak izan behar baitute, izan ere, txispak euren artean lotura handia duten eta proportzioa mantendu behar duten zatiez osatuta daude, erloju baten gurpilekin gertatzen den bezala, eta txisparen esku dago armak akatsik ez egitea tiro egiteko orduan; eta Europak dituen elkarteen pare dago, lana trebetasun handiz egin eta kalitate oneko emaitzak lortzen baititu".

Elkarte honi dagokion marrazkian bi langile agertzen dira, mailu batekin txandaka euretariko batek ingudean eusten duen pieza bati jotzen. Mahai gaineko tornuetan, beste langile batzuek armek daramatzaten giltza edo txispak limatzen edo atontzen dituzte. Atzealdean, beste langile bat lanean ari da, palanka edo polea antzeko tresna batzuekin, horiek sutegi txiki bat elikatzeko hauspo bat duen aparailu batean daude. Emakume bat ikus daiteke, lantegiko atetik sartzen, garai hartan janzten ziren arropak soinean dituela, norbaitentzako ziur aski hamarretakoa edo otartekoa dakar poltsan.

Dirudienez, langile horien laneko jantziak belauneraino iristen ziren telazko mantalak ziren.