Goiburua

Irudiaren goiburua hartzen duen zinta handi batean, honako hau adierazten duen inskripzioa agertzen da:

"Soraluzeko Errege Arma-Fabrikaren egoera eta deskribapena, Gipuzkoa Txit Zintzo eta Txit Leialean dagoena, antzina Bardulia ospetsua eta goraipatua izan zena, Kantabria gogoangarrian. Herri eta tokien mapa, eta baita horiek inguratzen dituzten mendiena ere, lau legoen barruan, Errege Biltegiak, herri honen erakusgarri. Armaginen lau elkarteak; fabrikatzen diren gastadoreen tresnak, eta horien perfekzio maila handiagoa lortzeko bidea egin zen zorionez, kantabriar garaiezinaren ... eta ...saiatuen bidez, hark beldurra eta iseka eragiten zuen ekialdekoen, sajoniarren, iparraldekoen, mendebaldekoen eta pres. antartikokoen artean, mundu osoan haren beldur ziren, eta denek begirunea zioten... Carpenta (sic) Don Sebastián Eslava Jaun Txit Goren, gogoangarri eta handia, Errege Armadetako, Itsasbazterretako Armadetako eta Andaluziako Armadako Kapitain Jenerala, Estatuko eta Errege katolikoaren gerrako bulego unibertsaleko Idazkaria, eta beraz, Erregearen babes errukiorrak mantentzen duena."

Inzkripzioaren erdialdean, eta obraren buruan, Fernando VI.aren imajina ikus daiteke, zirkulu baten barnean, eta horren markoan hau irakur daiteke:"Fernandus Sexto. Hispaniarum et indiarum Rex".

Azpialdean, hau irakur daiteke: "Erregeak saiatuei (eta txanpon batzuk zoriaren koaderno batetik erortzen dira, aberastasun eta oparotasunaren alegoria gisa) eta nagiei (ezpata bat heltzen duen eskua agertzen da, zigor gisa)".

Ezkerrean, eta zintaren gainean, Erregearen enblemak dituen armarria eta horren azpian honako hau adierazten duen afixa agertzen dira: "Non Plus Ultraren errege oinetara (esku batek seinalatzen du) Plus Ultra unibertsala eta Justo Don Fernando VI.a, Espainiako Erregea, Elizaren Oinordekoa, fedearen defendatzailea eta Indietako Enperadorea. N. S. (D. I. G.)".

Eskuman, buru biko arrano batek babesten duen beste armarri bat dago, Arandako Kondearena ziurrenik ere, horren azpian, aingeru bik eusten duten afixak hau adierazten baitu: "Berorren nagusiari eta babesleari, Arandako Konde Txit Gorenari, Espainiako Handia lehen mailakoa eta lur eta itsasoko artilleriako Zuzendari Nagusia. Berorren Gorentasunak eskaintzen duen babes errukiorraren itzalpean onar dezan".

Mutur batetik bestera eta deskribatutako afixen azpitik doan zinta handian inskripzio hau agertzen da: "Obra duin hau, umiltasun handienaz eginda, musukatzen dituen oinen gurtza handienarekin eskaintzen du, eta berorren esanekoenak, Florencio Joseph Lamot Jaunak erregutzen du".

Aingeru bik sostengatzen duten txirikorda baten azpian, honako hau esaten duen zinta txiki bat dago: "Plus Ultraren domeinuak. Errege betiko, Planeten Erregeak ematen dituen goi probidentziek argiztatutako dohainekin".

Txirikordatik zintzilik eta medailoi formarekin erreinuko armarria dago, tronpetak jotzeko prest dauden aingeru birekin batera. Azpian, Santa Barbararen irudia dago, eta horren alboan, gainera tximista bat erortzen zaion dorre bat. Apaindura batean hau irakur daiteke: "Santa Barbara Fabrikako zaindaria".

Eta armarri hori inguratuz elkarteen banderak daude eta baita arma zuriak eta su-armak ere. Izatez, egun, Soraluze udalerriko armarria horiekin apaindurik dago, eta armarri horrek, garai hartan, erdialdea baino ez zuen erakusten.