Forjaketa eta ijezketa

Aurreneko forjariak, mearen artetik burdina atera zuten gizakiak izan zirela esan daiteke. Operazio hori harriekin kolpatuz burutzen zuten hasiera batean, tresna egokiak egitea lortu zuten arte, adibidez mailua eta mazoa.

Forjariek besoen indarrez lantzen zuten antzinako haizeoletan egindako burdin-masa, ondoren berau totxoetan transformatzeko. Ia Erdi Arora arte burdina sutegi arruntetan berotzen zen, eta material hau armak eta tresna txikiak egiteko bakarrik erabiltzen zen.

Homerok Vulcanoren sutegia deskribatzen du.

Sutegiak eta eskuzko hauspoak asko hobetu ziren, eta modu horretan burdina berotzeko orduan egur-ikatzaren konbustioa kontrolatu ahal izan zen.

Kurrikak, ingudeak eta zenbait tresna egin ziren. Burdin-totxoak eskuz tiratzen edo ijezten ziren, mazo eta mailuaren bidez hain zuzen. Forma egokidun profilak egitea zuten helburu, eta, ondoren, horiek erabilita erremintak, nekazaritzako lanabesak, burdineria, iltzeteria, aingurak etab. egin zituzten mendez mende.

XIII. mendetik aurrera tiraketa eta forjaketa teknikak hobetu egin ziren gabien erabilpenari esker (energia hidraulikoz higitzen ziren). Baina zenbait arrazoirengatik, lan espezializatu ugari egiteko errementariek eskuzko hauspodun sutegiak erabili izan dituzte gaurdaino.

Alanbrea produzitzeko eta profil meheak kalibratu ahal izateko trefilaketa-teknikak garatu ziren erabilpen orotarako trefilagailuen bidez.

Antzinakoa da metalak ijezteko teknikaren asmakizuna: metalak bi zilindroren artean pasatzen ziren, zilindroak elkarren kontrako norabidean biraraziz. Oraindik ere mantentzen da Leonardo da Vinciren krokis bat, 1497 ingurukoa, eskuzko eragintzadun makina batena hain zuzen.

1553. urte aldera Braliers frantziarrak zilindrodun ijezkailuak erabiltzen zituen harikortasun handiko materialentzako. Handik gutxira, eskuzko ijezketa ordezkatu nahian, energia hidrauliko bidezko ijezteko makinak (gaztelaniaz fanderķas deiturikoak) martxan jarri ziren burdinoletan.

Horixe izan zen ijezketa-trenen garapen espezializatua gauzatu aurretik eman zen pauso garrantzitsua. Ijezketa-trenen erabilpena 1700. urtetik aurrera zabaldu zen. Polhelm-ek Suedian, Chopitel-ek Frantzian, Henry Cort-ek Ingalaterran, William Emerson-ek eta beste zenbaitek perfekzionatu zuten ijezketaren teknologia.

1800etik aurrera, lurrin-makinaren aplikazioaren bidez, potentzia handiagoko ijezteko makinak eraiki ziren.

James Watt-ek 1794an eta Deveral-ek 1806an proiektu sendoak burutu zituzten forma jakineko piezen beroko ijezketari soluzioa aurkitu nahian, baina azkenean proiektu biak baztertuta geratu ziren; mende erdi pasatu zen benetako soluziorik aurkitu gabe.

Baina arazo horri 1840an aurkitu zitzaion irtenbidea, Francois Bourdon, Francois Cave eta James Nasmyth-ek gabiei lurrinezko eragintza jartzen asmatu zutenean, alegia. Sistema hau hobetzen joan zen eta XIX. mende osoan aplikatu zen.

1875. urtetik aurrera asko hobetu zen beroko ijezketa, hain zuzen ere Amerikako Estatu Batuetan baleztazko gabiak edo mailuak sortu zirenean. Gabi hauek 25 kg-tik 250 kg-ra bitarteko pisua zeukaten mazoez eraikita zeuden. Halaber, garai hartan Bradley-ren gabiak ere estimazio handia izan zuen.

Bestalde, XX. mendearen hasieratik gaur egunera arte erabat zabaldu da erorketa libreko gabiaren erabilpena: ardatz-polea bidezko eragintza duten marruskadurazko bi arrabolez osatuta dago, hauek ohol bat edo uhal bat eusten dute eta forjaketarako gabia azken honi lotuta dago. Arrabolak irekitzen direnean gabia bortizki erortzea lortzen da.