Fresadoras

XVIII. mendean, engranajeen tailaketa perfekzionatu nahian, Jacques Vaucason frantziarrak lehenengo fresak egin zituen eskuz, xixela erabiliz, alegia.

Fresaketarako aurreneko erreminta hauek pedalez eragindako tornuetan erabili izan ziren hasiera batean, hain zuzen ere Eli Whitney arma fabrikatzaileak 1818an EEBBetako gobernuarentzat milaka fusil egiteko enkargua jaso zuen arte. Seriean fabrikatzeko aukera aztertu zuen, eta horregatik eraiki zuen aurreneko fresatzeko makina.

Apur bat geroago, 1820an, Robert Johnson-ek fresatzeko beste makina bat eraiki zuen, fresaketa-teknika askoz aurreratuagoa zuena.

Aurrekoen esperientzian oinarriturik, James Nasmyth-ek 1830ean fresatzeko makina berria eraiki zuen, torlojoen hexagonoak mekanizatzeko zatigailua zeukana.

Apur bat geroago, Gay & Silver enpresak, Whitney-ren modelua eredutzat hartuta, erabat metalezkoa zen fresatzeko makina eraiki zuen, bertikalki erregulatzen zen orga (karroa) zeukana eta ardatz erreminta-etxearentzako euskarria zeukana.

Howe injineruak, hau da, Robbins & Lawrence-ko diseinatzaileak, fresatzeko makina sendoagoa eta zehatzagoa egin zuen 1848an, hiru koskadun polea zeukana eta hiru desplazamendu mota zituena: bertikala, horizontala eta zeharkakoa.

1849. urte inguruan Lincoln izeneko fresatzeko makina eraiki zen. Ustez Thomas Warner izan zen egilea, eta oso makina ezaguna eta praktikoa izan zen.

Howe-k eragin handia izan zuen mota honetako fresatzeko makinen garapenean, eta ustez Elisha Root-ek makinari ahari zilindrikoa jarri zion, bertikalki erregulatzen zena eta ardatz fresa-etxearekin batera altxatzen baitzen.

1850. urte aldera Robbins & Lawrence-k eraiki zuen profil kopiatzaile lana egiteko fresatzeko lehen makina, Howe-k diseinatua hain zuzen.

1857an Sharp, Stewart & Co. enpresa ingelesak fresatzeko lehen makina bertikala eraiki zuen. Handik urte gutxira, 1862an, zutabe bikoiztun fresatzeko makina modelu berria egin zuen.

Bestalde, engranaje helikoidalen eta zuzenen fresaketari irtenbidea aurkitu nahian, Joseph R. Brown-ek 1862. urtean fresatzeko lehen makina orokorra edo unibertsala diseinatu eta eraiki zuen. Zatigailu orokorra eta desplazamendu bertikaldun kontsola zituen, eta luzetarako mahaiak zeharkako ibilbidea eta aitzinapen automatikoa zituen.

Pierre Philippe Hur frantziarrak ardatz bikoiztun fresatzeko makina diseinatu zuen 1847an: ardatz bertikala eta horizontala zituen, laurogeita hamar gradura, eta eskuz biratu zitezkeen.

Cincinnati enpresak 1884an bere lehenengo fresatzeko makina orokorra edo unibertsala eraiki zuen. Hauxe izan zen desplazamendu axialdun ahari zilindrikoa jarri zitzaion aurreneko aldia.

Geroago, 1849an, R. Hur-k buru orokordun fresatzeko makina asmatu zuen. Burua batera eta bestera biratuz, posizio ezberdin askotan lan egiteko aukera eskaintzen zuen makina honek.

XIX. mendearen amaiera aldera, fresatzeko makina orokorrak eta kopiatzaileak etengabe garatu eta hobetu ziren.

Brown Sharpe-k tamaina eta potentzia ezberdinetako bost modelu fabrikatu zituen.

XX. mendean, berriz, aipagarria da Eibarko Cruz Ochoak Estatuko lehen fresatzeko makina orokorra eraiki izana.