Prensas para acuñar, embutir y punzonar

XVII. mendera arte txanponak modu honetan egin izan dituzte: txanpon-metala ingudeari lotutako matrize baten gainean jartzen zen; ondoren, gainean beste matrizea jartzen zen eta mailu edo mazoarekin kolpe sendo bat ematen zitzaion. Era horretan, txanponak aldi berean bi aldeetatik grabatzea lortzen zen.

Prozedura horren erabilpena agertzen da, hain zuzen ere, Paestum-eko txanpon batean eta Tito Carisio-ren denario batzuetan (K.a.49-43). Bertan agertzen dira irudikatuta ingudea, tenazak, trokela eta mazoa.

1500. urte aldera Leonardo da Vincik ijezteko makina bat eta balantzadun prentsa bat diseinatu zituen. Asmakuntza hau baliagarria izan zen 1530ean Benbenuto Cellini italiarrak esperimentu bat egin zezan. Ondoren, Nicolas Briot frantziarrak esperimentua praktikan jarri zuen eta haren erabilera hedatzen hasi zen 1626tik aurrera.

1770. URTE INGURUAN Bramah ingelesak prentsa hidraulikoaren asmakuntza patentatu zuen Pascalen printzipioan oinarrituta (Likidoen orekaren tratatua)

Urte batzuk geroago, 1797an, Perier anaiek patente baten eskaera egin zuten Bramah-ren asmakuntzan oinarrituta. 1812an, berriz, 70 kg/cm2-ko presioa egiteko gai zen prentsa bat eraiki zuten.

1840tik aurrera, balantzadun prentsen ahalmena nahikoa ez zela ikusita, potentzia handiko prentsa hidraulikoak egiten hasi ziren. Prentsa hidraulikoak tren-industriako fabriketan hasi ziren erabiltzen, hain zuzen ere ardatzak kalatzeko.

1817. urte inguruan aurrerapen handiak hasi ziren txanpongintzan. Izan ere, Dietrich Uhlhorn mekanikari alemaniarrak biela-palanka artikulatu sorta bidez presio handia eragiteko gai zen prentsa mekanikoa asmatu zuen.

Ludwig Löewe-k Uhlhorn-en prentsa perfekzionatu zuen eta Thonnelier frantziarrak "galanda zatitua" jarri zion prentsari, txanponen ertzak grabatzeko helburuarekin.

1863. urtetik aurrera, Bartzelonako "La Maquinista Marítima y Terrestre" Thonnelier tipoko prentsak fabrikatzen hasi zen Madrilgo Txanpon Etxearentzat.

1867an Chéret frantziarrak marruskadurazko prentsa mekanikoaren prototipo bat aurkeztu zuen Parisko erakusketan. Prentsa honek aurrerapen handiak ekarri zituen aurrez puntzonatutako piezei zenbait eragiketa egiteko orduan.

Ordutik aurrera, fabrika batzuetan prentsa mota ezberdinak erabili zituzten aldi berean: balantzadun prentsak, palanka artikulatudunak eta baita marruskadurazkoak ere.

Gutxienez 1798tik aurrera, balantzadun prentsaren bertsio bat erabili zen puntzonatzeko eta, zumitza erabilita, iltzeak egiteko. Baina metodo hori motz geratu zen XIX. mendean eta ez zuen balio txapa erabiliz zenbait produktu serie handitan fabrikatzeko.

Hori dela eta, 1870 aldera "Bliss y Williams" enpresa amerikarrak (prentsa eszentrikoetan zenbait urtetako eskarmentua zuenak) 3/4"-ko diametroa eta 1/2"-ko lodiera zuten zuloak puntzonatzeko gai zen modelo bat garatu zuen. 600 libra pisatzen zituen eta 100 bira minutuko abiaduran lan egiten zuen.

Ordutik aurrera asko hedatu zen prentsa mekaniko mota ezberdinen fabrikazioa, eta euren ahalmena eta aldakortasuna progresiboki handitzen eta hobetzen joan zen.

XX. mendearen hasieran prentsek garapen eta hobekuntza handia izan zuten. Potentzia handiko prentsa hidraulikoak automobilen karrozeriak enbutitzeko erabili ziren; Marruskadurazko prentsak, ordea, kuberteria, dominak etab. estanpatzeko; palanka artikulatudun prentsak txanpongintzarako; eta prentsa eszentriko mekaniko oso aurreratuak puntzonatzeko.