Tornos hasta 1750

Gizakiak, egurrezko eta hezurrezko trenza, instrumentu eta pieza apaigarriak zilindratu eta forma emateko beharra sentitu zuenean,torneaketa prozesua asmatu zuen.

Tornua makinarik zaharrenetakoa eta garrantzitsuenetakoa da. Beharbada K. a. 1000. urtean erabiltzen hasita izango zirela pentsatzen da; K. a. 850. urtean behintzat ziurra da baietz.

Antzinako tornuei dagokien irudirik zaharrena Petosiri-ren hilobian aurkitutako erliebe bat da. Bertan, tornularia ikus daiteke erreminta euskarrian jarrita duela, eta, bien bitartean, beste langile batek piezari buelta ematen dio, zurtoin bati biribildutako sokaren mutur bietatik txandaka tira eginez.

Joan-etorriko biraketa sortzen zuten modu horretan, eta mozketa aldizka gauzatzen zen, erremintaren ertzaren norabidean bira ematen zuenean hain zuzen.

Aipatutako sistema eta biolin-arku bidezko eragite-sistema izan ziren biraketa-higidura sortzeko metodo bakarrak eta ohikoak mendetan zehar, hain zuzen ere pedal eta pertika bidezko sistema sortu zen arte. Biolin-arku izeneko metodoa honako honetan datza: erreminta-etxearen ardatzari soka bat biribilkatzen zaio.

Era berean, soka hori egurrezko arku bati lotuta dago, eta gizakiaren eskuez arkuari tira eginda lortzen da piezari joan-etorriko biraketa mugimendua sortaraztea.

1250. urte inguruan pedal eta pertika malgudun tornua sortu zen, eta aurrerapen handia izan zen arku bidezkoarekin konparatuz gero.

Izan ere, langilearen eskuak libre uzten zituen erreminta manejatu ahal izateko. Sistema honen ardatza haga edo makila elastiko bat zen, egurrezko egituradun tornuaren gainean kokatzen zena.

Torneatu beharreko pieza tornuan jartzen zen, bi punturen artean. Era berean, soka bat biribilkatzen zitzaion piezari hiru edo lau buelta emanda, eta soka-mutur bat makila elastikoari lotzen zitzaion eta beste muturra egurrezko pedal bati, lurraren arrasean.

Tornulariak pedala zapaltzen zuenean, sokaz biribilkatutako pieza erremintaren ertzerantz biratzen zen, eta hanka kentzen zuenean, makila elastikoak, malguki funtzioa eginez, hasierako posiziora bueltarazten zuen. Tornu hau Kanpezuko artisauek erabili izan dute duela hogei bat urtera arte. Eta alemanek ere 1395. urte inguruko grabatuak dituzte, non tornu mota hau bera agertzen den, beraiek Wippendrehbank deiturikoa.

XV. mendearen hasieran uhal edo korrea bidezko transmisio sistema sortu zen. Honen bidez, tornua etengabeko biraketaz erabil zitekeen.

Motore lana eskuzko manibela batez biratzen zen diametro handiko gurpil batek egiten zuen, gurpil handia deiturikoak, alegia. Gurpil hau pieza-etxearen zurtoinera gurutzatutako uhal bati lotuta zegoen. Giza-esfortzu handia egin behar izaten zenez, tornu hau ez zen asko erabili.

XV. mendea, torlojodun hariztatzeko tornua, Leonardo Da Vinci-rena

XV. mendearen bukaeran Leonardo da Vincik bere Kodize Atlantikoan tornu batzuen bozetoak egin zituen, baina baliabide faltagatik ezin izan ziren eraiki orduan.

Hala ere, etorkizunerako arrasto nagusia finkatzeko balio izan zuten. Hiru tornu mota ziren: joan-etorriko higiduradun hariztatzeko tornua, pedal eta manibela bidezko higidura jarraidun tornua, eta ardatz nagusi eta gurpil trukagarridun hariztatzeko tornua.

Egurrezko egituradun tornua, pedal-biela-manibeladun eragite sistema duena

1480. urtearen bueltan, zurtoin eta bielarekin konbinatu zen pedala. Mekanismo honen aplikazioarekin eragintza jarraidun tornua sortu zen. Horren ondorioz biela-manibela erabili behar izaten zen, betiere inertzi-bolanteaz konbinatuz, puntu hilak gainditu ahal izateko.

Era horretan, burdinazkoak ez diren metalak mekanizatzen hasi ziren, esaterako latoia, kobrea eta brontzea. Gero hobekuntzak egin zitzaizkion eta tornu hau zenbait mendetan erabiltzen jarraitu zen. Zurezko egitura zaharrari fundizioko elementuak jarri zitzaizkion, hala nola gurpila, ardatz nagusiaren euskarriak, kontrapuntua, erreminta-euskarriak eta 1586an mandrila.

Tornuari fundiziozko elementuak sartu zizkioten 1586. urte aldera