Tornos a partir de 1750

Lurrinez eragiteko makineriaren eskari handia zela eta, tamaina eta potentzia handiagoko tornuak eraikitzen hasi ziren.

Frantzian ezagunak dira 1760ko Vaucason-en tornua eta 1795eko Senot-ena. Vaucason-en tornuak orga erreminta-etxea zeraman, metalezko V erako gidarien gainean desplaza zitekeena. Senot-en tornua, berriz, L. da Vinciren hariztatzeko tornuan oinarituta zegoen eta hariztatzeko torlojoa eta gurpil trukagarriak zituen.

Handik denbora gutxira, John Wilkinson amerikarrak eta Henry Maudslay ingelesak Senot-en antzeko tornuak eraiki zituzten, bakoitzak bere aldetik. 1897an eraikitako Maudslay-ren tornuarekin aro berri bat hasi zen erreminta makinen fabrikazioan. Tornu horrek, izan ere, bi berrikuntza zituen: aitzinapenen eragintzarako torlojoa eta orga erreminta-etxe perfekzionatua.

1800. urtean, Maudslay-k tornu modelo berria eraiki zuen, gidari lauak zituena hain zuzen. 1810ean ustez Maudslay-k izan zen diametro handiko piezak torneatzeko tornu bat eraiki zuena.

Municheko museoan tornu ingeles bat dago ikusgai, 1810. urte inguruan eraikia; urte batzuk geroago Alemaniara bidali zuten, Prusiako Federico erregearen aginduz.

1816. urte inguruan James Fox-ek orga desplazagarridun tornua eraiki zuen: aipatu orga, torlojo amaigabearen koroadun mekanismo batez eragindako kremailera bidez higitzen zen.

1817an Richard Roberts-ek tornu berezi bat eraiki zuen: bi gidari zituen, bat laua eta bestea prismatikoa, lau maila edo koskako polea ere bazuen, eta bankadaren gaineko orga erreminta-etxeak luzetarako desplazamendu automatikoa zuen.

1830ean tornu frontala eraiki zen, gaur egun Municheko museoan dagoena.

1833an Joseph Whitworth bere kontura hasi zen Manchesterren. Bere diseinuek eta obrek garaiko beste fabrikatzaile batzuengan funtsezko eragina izan zuten, dudarik gabe.

1839an zilindratzeko eta hariztatzeko tornua patentatu zuen: gidari laudun bankada eta zeharkako orga automatikoa zituen, eta estimazio handia izan zuen. Gaur egun oraindik mantentzen dira bere patentedun elementuak daramatzaten bi tornu. Bat 1843an eraiki zen eta Londresko Science Museum-en dago. Bestea, berriz, 1850ean eraiki zen eta Birmingham Museum-en dago.

Europan eta EEBBetan, prestazio hobeak zituzten tornuak eraiki ziren, baina Whitworth-en tornuaren egitura eta osagaiak mantentzen zituzten.

Tren garraioa eboluzionatzearen ondorioz, lokomotoreentzako eta bagoientzako gurpilak masiboki fabrikatzeko premia sortu zen.

1847an Decoster-ek etorkizuneko makinen oinarria izango zen patentea erregistratu zuen. Tornu pisutsuak eta tornu frontalak egin eta hobetu ziren.

1858an, Hartford-eko George S. Lincoln enpresa amerikarrak 2.200 mm-ko diametrodun piezak mekanizatzeko tornua eraiki zuen.

Halaber, J. G. Bodmer izan zen 1839an tornu bertikalak eraikitzeko ideia izan zuena. XIX. mendearen amaieran pisu eta tamaina ezberdinetako tornu bertikalak eraiki ziren.

1890ean Norton kaxa diseinatu eta patentatu zen, eta kaxa hori tornu paraleloei ezarri zitzaien: horixe izan zen, hain zuzen ere, hariztatu beharreko piezen hari-neurriak finkatzeko operazioan engranajeak eskuz aldatzeari eman zitzaion soluzioa.

1894an Hendey Machine Co. enpresa era horretako kaxekin hasi zen tornuak eraikitzen.

1910. urtetik aurrera, Estatu espainiarreko lehen tornuak eraiki zituzten Errenteriako Illarramendik eta, geroago, Eibarko Cruz Ochoak eta Candido Echeandiak.