Cepilladoras y Mortajadoras

Arrabotatzeko makinen funtzioa, luzera handiko piezetan gainazal lauak eta leunak mekanizatzea da. Makina hauek burutzen duten mekanizazioari arrabotatzea esaten zaio, eta antzeko zerbait esan daiteke karraskatzeko makinez, mortasatzeko makinez eta brotxatzeko makinez ere.

Nicolas Focq frantziarrak metalak karraskatzeko lehenengo makina sortu zuen 1751an. Hala ere, industri-garapen anidaren eraginez, XX. mendearen hasiera aldera sortu zen burdinazko plantxak lautzeko modua hobetzeko premia. Garai batean eskuz egiten ziren lan horiek, xixela eta karraska (lima) erabiliz. Hori dela eta, horri irtenbidea aurkitu nahi izan zitzaion, polea eta engraneetan mataderak eskuz (xixelez eta karraskaz) egin beharrik ez izateko.

Maudslay ingelesak, 1803. urtean, Brunel-ek diseinatutako mortasatzeko makina eraiki zuen, mataderak mekanizatzeko helburuarekin. 1817an Richard Roberts-ek erabilpen industrialerako arrabotatzeko makina eraiki zuen 1320 x 280 mm-ko piezak mekanizatzeko helburuarekin; eskuzko eragintza zeukan, bolante eta pinoi-kremailera bidezkoa.

James Fox ingelesak mahai mugikordun arrabotatzeko zubi-makina eraiki zuen 1820an, bere ehungintza-fabrikarako materiala fabrikatzeko hain zuzen; 3120 x 560 mm-ko piezak mekanizatzeko gai zen. Geroago, 1833an, tamaina txikiagoko beste modelu bat eraiki zuen.

Bestalde, Sharpe, Roberts & Co.-k 1830ean eraikitako mortasatzeko makinak aurrerapena ekarri zuen, plater zatitzailea erantsi baitzioten.

1834an Manufactures des Glaces de Saint Gobain enpresako Morinire injineru frantziarrak mahai finkodun eta zubi erreminta-etxe higikordun arrabotatzeko makina eraiki zuen, 4000 x 3000 mm-ko pieza pisutsuak mekanizatzeko.

Apur bat geroago, Joseph Whitworth-ek manibela bidez eskuz eragindako mahai mugikordun arrabotatzeko zubi-makina eraiki zuen. Eta 1836an perfekzionatutako modelu bat eraiki zuen, transmisio eta polea bidezko higidura zuena; honako hau izan zen etorkizuneko hobekuntzen oinarria.

Arrabotatzeko makina baino errazago maneia zitekeen beste makina baten beharra sortu zen, zehazki 800 mm. baino gutxiagoko luzera zuten gainazal lauak mekanizatzeko. Eta horrelaxe sortu zen Nasmyth-en karraskatzeko makina 1839an, Nasmyth-en altzairuzko besoa bezala ezagutu izan zena, alegia.

Geroxeago, Joseph Whitworth-ek karraskatzeko makina perfekzionatu zuen, orga erreminta-etxeari jaitsigailu automatikoa jarriz.

Horrela, karraskatzeko makinen erabilpena Europa osora hedatu zen. Alemanian, J. G. Weisser-ek mahaiaren eta orga erreminta-etxearen desplazamendu automatikodun karraskatzeko makina eraiki zuen.

Arrabotatzeko makinen zenbait modelu egin ondoren, J.G. Bodmer frantziarra gauza batez ohartu zen, zabalera handiko plantxak mekanizatzeko makina egokia falta zela, alegia. Hori zela eta, zutabe bakarreko arrabotatzeko makinak eraikitzeko patentea garatu zuen, eta patente horren araberako makinak egin ziren.

XIX. mendearen bukaera aldera, transmisio eta polea bidezko eragintzadun arrabotatzeko makinak garapen-mailarik gorenera iritsi ziren, Butler-en makinetan ikus daitekeen bezala.

XIX. mendearen bukaeran era askotako mataderak eta ildaskak egiteko premia sortu zen, automobil eta arma industriaren beharrei erantzun ahal izateko. Eta horrela sortu ziren Smith & Coventry-ren eta The Lapointe Machine Tool Co.-ren brotxatzeko makinak 1902an.

1927.urte aldera, berriz, Estarta y Ecenarro-k estatu espainiarreko lehen karraskatzeko makina eraiki zuen.