Taladros hasta 1850

Zulaketa deitzen diogu bi higidura mota dituen (biraketa-higidura eta sartze-higidura) tresnen bidez zulo zirkularrak egiteari. Zulaketan erabili zen lehen tresna sua egiteko "errota" izango zen ziurrenik.

Egurrezko makila zilindriko bat izaten zen, eta bere biraketa-sistema pixkanaka hobetuz joan zen: hasieran eskuez eraginda, eta gero makilari biribilkatutako soka bati muturretatik tira eginda, K. a. 1440. urteko grabatu egiptoar batean ikus daitekeen bezala.

Era berean, Egiptoko K. a. 2700. urteko erliebe batek erakusten duenez, harria zulatzeko oso metodo zaharra zen honako hau: ardatz sendo bat, zulaketarako sukarrizko punta bat zeramana eta goialdean kirten bat zeukana, biraketa errazteko eta biraketa erregulatzen zuten bi bolak altxatu ahal zitezen.

Biolin-arku sistema asmatzeaz bat, biraketa-higiduran aurrerapenak izan ziren.

Ardatz barauts-etxeari soka bat biribilkatzen zitzaion, ondoren sokaren bi muturrak egurrezko arku bati lotuz. Eskuarekin eraginez lortzen zen piezari atzeraurrerako biraketa-higidura sortaraztea.

Asko erabilitako beste sistema bat izan zen sokadun birabarkia. Erreminta-etxearen egurrezko ardatzari inertzi-bolantea jartzen zitzaion. Gero ardatzari soka bat biribilkatzen zitzaion, mutur bietatik makila batera lotuta zegoena. Makilari eskuarekin tira eginda atzeraurrerako biraketa-higidura lortzen zen.

XV. mendetik aurrera energia hidraulikoa erabili izan da egurrezko enbor lodiak zulatzeko. Enbor hauek gauza askotarako erabiltzen ziren, ura bideratzeko hodiak egiteko eta abar.

XV. mendearen bukaeran Leonardo da Vincik zulatzeko makina horizontala asmatu zuen, sakonera handiko zuloak egiteko.

1838an Nasmyth-ek mahai gaineko zulatzeko makina eraiki zuen, erabat metalezkoa. Biraketa, eskuz edo transmisioz eragindako bolante baten bidez lortzen zen. Engranaje koniko sorta baten bidez ardatza birarazten zen, eta ardatz horrek lantza-puntadun barautsa izaten zuen jarrita.

Joseph Whitworth-ek, halaber, zutabedun zulatzeko makina eraiki zuen 1850ean, alegia, uhal-transmisio bidezko eragite-sistema eta engranaje koniko bidezko biraketa-sistema zituena. Pinoi-kremailera sistema bidez bertikalki erregula zitekeen mahai pieza-etxea zeraman.

Bestalde, pieza pisutsuak eta tamaina handikoak zulatzeko premia zela-eta, Sharp, Roberts & Co.-k zulatzeko makina erradiala eraiki zuen 1851. urte aldera.

Arotzen egurrezko birabarki zaharra eboluzionatuz joan zen denboran zehar: Garai bateko birabariak altzairu herdoil-gaitzezko ardatz erreminta-etxea izaten zuen: buru birakor bat zeraman ardatzean eta, bertan, ahokaleku karratu bat zeukan, barautsa eta azkoin-txirrika lotzen ziren lekua hain zuzen. Luzetarako presioa eginez joan-etorriko biraketa sortarazten zen.

Biraketa jarraidun birabarkia, berriz, aurrerapen handia izan zen aurrekoarekiko. Izan ere, ardatza hariztatu zioten, bi hari helikoidal eateraz elkarren kontrako norabidean. Ondoren, txirrikari (karreteari) mutur batean ezkerretarako azkoina eta bestean eskuinetarakoa jarrita, birabarkia etengabe biratzea.

Heyerhoff-ek eraikitako biraketa jarraituko birabarkia, eskuz eragiteko biradera eta engranaje-sorta zituena hain zuzen, aurrerapen garrantzitsua izan zen. Mahai gaineko zulatzeko makinak ere eraiki ziren, eskuz eragitekoak: biradera, boladun erreguladore eta engranaje-sorta bidez.