Mandrinatzeko makinak
Mandrinaketa, zulodun brontzezko kanoi galdatuen barrenaketarekin sortu zen. Fabrikazio-prozedura hori 1372koa da gutxienez, izan ere data horretan Augsburgoko Aarán-ek brontzezko lehen kanoiak galdatu zituen eta horren inguruko datuak ezagutzen dira. XVI. Mendetik aurrera burdinurtuzko kanoiak ere galdatzen ziren.
Hasiera batean, zuzenean eskuz eragiteko laztabiden bidez barrenatzen zen. Geroago, berriz, gurpil batez burutzen zen mekanizazioa: gurpilak ardatz bat zeukan jarrita, eta ardatza etengabe ari zen biraka, bi euskarriren gainean; batzuetan eskuz eta besteetan animalia bidez edo indar hidraulikoz eragiten zitzaion gurpilari. Ardatzaren mutur batean erreminta jartzen zen, alde batera edo bestera, kanoi-piezak arbastuz barrenatzeko edo akaberaz leuntzeko.
1744tik aurrera, Jean Maritz suitzarrak barrenatzeko eta mandrinatzeko makina bertikala eraiki zuenean, kanoi beteak (zulorik gabeak) galdatzen hasi ziren. Gaspar Monge-k Maritz-en antzeko makina bertikala deskribatu zuen, ardatz erreminta-etxe eragilea zuena eta engranaje-sorta bidez zebilena, hala gizakiaren indarrez nola abere-trakzioz eraginda.
Espainian makina mota ezberdinak eraiki ziren: aipagarriena barrenatzeko eta torneatzeko modelu horizontal bat da, 1768an Sevillan eraikia eta Guadairako uren bidez zebilena.
XVII. mendean zehar, G. Monge-k deskribatutakoaren antzeko barrenatzeko makina horizontalak (non pieza zen biraka zebilena) gehiago erabili ziren bertikalak baino.
1770ean John Smeaton-ek 450 mm.-ko diametrodun zilindroak mandrinatzeko makina eraiki zuen, eta, horrez bide, Newcomen-en lurrin-makina perfekzionatzea lortu zuen. Horizontal tipoko makina zen, ardatz erreminta-etxe biragarria zeukana eta gurpil hidrauliko bidez zebilena.
Hala ere, benetako aurrerapena 1775ean etorri zen, John Wilkinson-ek zehaztasun handiagoko mandrinatzeko makina horizontala eraiki zuenean: gurpil hidrauliko bidezko eragintza zuen, 72 hazbeteko zilindroak mandrinatzeko, eta horixe izan zen James Watt-en lurrin-makina eraikitzeko oinarria.
1799an zenbait makina-egilek (euren artean William Murdock) Wilkinson-en makina hobetu zuten pixkanaka.
1817an Mathew Murray-k mandrinatzeko makina berezia eraiki zuen: mahaia pieza-etxea metalezko gidarien gainean desplazatzen zen.
1830ean hazbete baten hamaseireneko perdoi-doitasunak lortu ziren. Modu horretan, mandrinatzeko makinak eboluzionatuz joan ziren.
1857an Thomas Spencer Sawyer-ek aurrekoen ildo bereko mandrinatzeko makina eraiki zuen.
1865ean, berriz, lokomotoreen gurpilak mekanizatzeko mandrinatzeko makina bertikalak eraiki zituzten EEBBetan, eta bi abantaila nabarmen daitezke: batetik, mandrinaketarako barra ez zela hain malgua, eta, bestetik, txirbila hobeto ateratzen zutela.
1870. urte aldera, aurrerapena ekarri zuen mandrinatzeko makina horizontala eraiki zen: mahaia pieza-etxeak desplazamendu bertikala eta axiala zituen; makina honek estimazio handia izan zuen, eta elevating-table type izenez ezagutzen zen.
1870. urte aldera, Wm Sellers &Co.-k pisu handiko piezak mekanizatzeko makina sortu zuen: zeharka erregulagarria zen zutabea zeukan, eta zutabearekiko bertikalki irristagarria zen burua zeukan.
Urte batzuk geroago, fabrikatzaile batzuek (euren artean G. Richards) zeharkako eta luzetarako higidura zuen mahai pieza-etxedun mamdrinatzeko makina perfekzionatu zuten.
XIX. mendearen bukaeran, mandrinatzeko makinak garapen-mailarik gorenera iritsi ziren, bai egituraren eta bai mekanikaren aldetik.
XX. mendearen hasieran, erloju-industri suitzarrak eskatzen zuen doitasunaren eta trukagarritasunaren aurrean, Perrenond Jacot-ek punteatzeko makina bertikala puntuan ipini zuen, koordenatu polarren mahaia zuena: ikuspegi mekanikotik izugarria zen.
1936ko gerra zibilaren ondoren, Billabonako Sacem-ek eta azkoitiako Juaristi-k Estatu espainiarreko lehenengo mandrinatzeko makinak eraiki zituzten.
