Tornos revolver y automáticos

Piezari lotualdi batean eragiketa mota ezberdinak egiteko premia ikusita, dorretxo biragarria garatzen hasi ziren, hasiera batean tornu konbentzionalei aplikatu zitzaiena.

1858. urtean, Jones Lamson Company enpresako H.D. Stone amerikarrak dorretxo biragarriko lehen tornua diseinatu zuen; hala ere, tornu konbentzionalari dorretxoa ezarri zion lehen enpresa (1854an) Robbins & Lawrence dela esan ohi da ofizialki.

Eta, dirudienez, Stephen Fich-ek ere aurreko garai batean dorretxo biragarriko tornu bat egin zuen. Tornu horrek ardatz horizontala zuen, buruaren ardatzarekin lerroan zihoana.

Ingelesak atzean geratzen hasi ziren amerikarrekin konparatuz gero, ordura arte ez baitzuten tornu biragarririk eraiki, naiz eta Smith&Coventry-k tornu konbentzionalari dorretxoa egokitzen zion.

1860an tornu biragarriak diseinatu eta eraikitzen hasi ziren. Brown & Sharpe eta Pratt & Whitney enpresak makina mota horiek normaltasun osoz fabrikatzen hasi ziren.

Brown & Sharpe-k 1867an egin zuen lehen modeluak estimazio handi izan zuen mundu osoan, eta 1873an Berlingo Löewe enpresa alemanak makina hori kopiatu zuen.

Torlojoteria eta piezateria txikiko piezak serie handitan fabrikatzeko premia sortu zenean, tornu automatikoa garatu zen, 1870. urte aldera.

Hartford Machine Screw Co. Enpresa, tornu mota hau eraikitzen hasi ziren, Cristopher Miner Spencer-en diseinupean.

1872an, Jacob Schwizer alemaniarrak bere lehen tornu automatikoa eraiki zuen Suitzan. Tornu automatikoak serie handietarako eta tornu biragarriak serie txikietarako erabiltzen ziren, elkarren osagarri, eta biak ere paraleloki garatzen joan ziren.

XIX. mende bukaera arte, horizontalki eta bertikalki jarritako dorretxoak zituzten tornu biragarrien zenbait modelu eraiki ziren. Aipagarrienak honako hauek dira: Stephen Fich-ek eraikitako modeluak, Warner & Swasey-rena eta Alemaniako Pittler enpresako tornu erdiautomatikoa. Azken hau 1892koa, zen eta kanpoak eta barneak haritatzeko sistema zeukan. Oso ezaguna eta erabilia izan zen.

XIX. mende bukaeran asko hobetu ziren tornu automatikoak.

1893an ardatz bertikala zuen dorretxodun tornu automatikoa aurkeztu zen, Spencer-ek diseinatua eta Pratt & Whitney-k fabrikatua.

1898an, berriz, EEBBetan ardatz bakarreko tornu automatiko berria agertu zen, Brown & Sharpe-k egina eta ardatz horizontaleko dorretxo biragarria zuena. Horixe izan zen, hain zuzen ere, makina-familia oso baten lehen alea, gaur egunera arteko eragina izan duena, alegia.

Urte berean, Pratt & Whitney-k 1893an eraikitakoaren antzeko tornua eraiki zuen, pieza-kargatzaile automatiko eta guzti. Hortaz, tipo honetako makinei ezarritako lehen elikatzailea izan zen hura.

The National Acme Co. enpresa amerikarrak 1898an ardatz aniztun lehen tornua eraiki zuen, lau ardatz zituena.

Geroago, beste tornu klase batzuk sortu ziren: dorretxo zentrala zuten ardatz aniztun tornuak, espeka independentedun tornuak eta erreminten ibilbidea erregulagarria zuten tornuak.

1899an, Brown & Sharpe-k tornu automatikoaren modelu berri bat eraiki zuen, eta jatorrizko modelua Erreminta Makinaren Museoari eman zaio.