Zenbait definizio

Gizakiak modu askotara egin izan ditu tresnak, eta gainera material ezberdinak erabiliz. Horrexegatik da zaila makineriaren (oro har) eta metalezko produktuak lantzeko makina-erreminten (zehatzago) definizio garbiak eta orokorrak ematea. Zailtasun hori dela medio, definizio ezberdinak sortu eta erabiltzen dira, batzuk besteak baino egokiagoak badira ere.

XVIII. mendearen hasieratik (Leupold-ekin hasita) XIX. mendearen azken laurdenera bitartean (Reuleaux-ekin eta bere garaikideekin bukatu arte) makinen inguruko definizio ugari eman ziren.

1724an Leupold-ek honako definizio hau eman zuen: "Makina gailu artifizial bat da, eta bere bidez mugimendu aprobetxagarriak burutu ditzakegu, hau da, zerbait higi dezakegu, denbora eta indarra ekonomizatuz, beste modu batera ezinezkoa izango litzatekeena".

XIX. mendean zehar proposatutako definizioek, Leupold-ena hobeto zehaztea dute helburu: batzuetan motorraren abiaduraren eta higiarazitako sistemaren arteko erlazioa aipatzen da, eta bestetan indar eragilearen eta higiduraren artekoa.

Zehaztasun horren bila, Ampère-k honako definizioa eman zuen 1830ean: "Higidura jakin baten norabidea eta abiadura aldatzen laguntzen digun tresna da makina".

Beste hainbat definizio ere eman izan dira, besteak beste Willis-ena 1840an, Laboulage-rena 1849an, Haton de la Goupillère-rena 1864an, Poucelet-ena 1867an eta Reu- leaux-ena 1875ean. Hala ere, elkarrengandik ezberdinak dira denak eta horrek asko zailtzen ditu gauzak definizio orokor bat finkatzeko orduan.

Hona hemen Reuleaux-en definizioa: "Makina modu berezi batean antolatutako gorputz erresistenteen multzoa da, eta indar mekaniko naturalak abiarazten ditu, modu horretan higidura jakin batzuk sortaraziz".

Makina-erremintei dagokienez, hona hemen adiera zabaleko definizio bat: "Elementu mekaniko multzo batez eraikitako lan-tresna da, zeinak erreminta egoki baten bidez lortu nahi den objektuari forma jakin bat ematen dion".

Beste definizio bat: "Egoera primarioan dagoen material zati batean lan bat burutzen duten makinak dira, esfortzu, perfekzio-maila eta denbora gehiagorekin edo gutxiagorekin gizakiaren eskuek burutu ahal izango luketen lana, alegia".

Honako hau ere erabili izan da: "Hainbat material solidoren transformazio mekaniko geometrikoak burutzeko gai den organo eta elementu multzoa da".

Argentinarrek ondoko definizioa erabili dute: "Metalezko piezei forma eta akabera ematea ahalbidetzen duena, horretarako ebaketa-erremintak (txirbil-harroketazko makina-erremintak) edo forma emateko gailuak (deformaziozko makina-erremintak) erabiliz".

Frantziarrek, AFNOR E60-009 arauei jarraituz, honako definizio hau ematen dute: "Makina-erreminta, lanean ari denean normalki eramangarria ez den makina da, eta energi iturri batek eragiten dio, prozesu fisiko-kimikoen edo beste ba-tzuen bidez produktuak sortzera bideratuta dagoenak hain zuzen. Solido egoeran dauden materialetan (metala, zura, beira, plastikoa...) burutzen den transformazioa bi eratara gauza daiteke: materia edo produktua jaulkiz zein erantsiz".

Amerikarren ikuspegitik, Machine Tool esamoldeak metal-jaulkitzezko makinei bakarrik egiten zien erreferentzia, hots, Metal Cutting Machine Tool. Baina 1948ko abenduaren 15ean National Builders Association-ek bere estatutuak aldatu zituen metal-deformaziozko makinen fabrikatzaileak ere bere baitan onartu ahal zitzan, hots, Metal Forming Machine Tools.