CECIMO-ren definizioa
Makina Erremintako Industrien Kooperazio Batzorde Europa-rrak (CECIMO) honela definitu zituen metalak lantzeko makina-erremintak 1958an: "Txirbil-harroketaz, urraduraz, talkaz, presioz, prozedura elektrikoz edo aurreko metodoak konbinatuz, eta kanpoko energi iturri batek eraginda, metalak konformatzen dituzten makina ez-eramangarriak".
Gure fabrikatzaileek Espainiako Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkartean (AFM) dute euren bilgunea, eta elkarte honek Donostian du egoitza. AFMren bidez, gure fabrikatzaileek Makina Erremintako Industrien Kooperazio Batzorde Europarraren (CECIMO) zuzendaritzan parte har-tzen dute eskubide osoz. CECIMOk Brusselan du egoitza 1962ko apirilaren 13az geroztik.
Tamaina, pisu, doitasun-maila eta abarren arabera sailkapen mota ezberdinak dauden arren, CECIMOren definizioan oinarrituz eta bere sailkapen-irizpideak kontuan hartuz, makina-erreminten ezohiko sailkapen bat egin dugu. Sailkapen honekin, liburu honen edukiari marko orokor bat jarri nahi izan diogu, hain zaila eta konplexua (eta beharbada polemikoa) den gaiari tratamendu duin bat eman nahian. Makina-erreminten fabrikazioa bi alorretan banatzen da:
- Txirbil-harroketazko makinak:
- Erreminta metalikozko mekanizazioa
- Urradurazko eta fenomeno elektrikozko mekanizazioa.
- Deformaziozko eta ebaketazko makinak:
- Presiozko eta talkazko deformazioa
- Presiozko ebaketa.
Alor bakoitzean makina-talde ezberdinak daude sartuta, eta talde bakoitzean mota ezberdinak. Era berean, eskuarki makina-mota bakoitzak modelo ezberdinak ditu.
